XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Burumakur sartu zen tabernara.

Lehen aldia zen toki hartara joaten zena.

Denbora luzez noraezean ibili eta gero, patuak, kasualitateak edo batek daki zerk, Jazzmoon izeneko ezkutuko taberna batera eraman zuen.

Humphrey burumakur sartu zen.

Trajearen jaka zimurrez beteta, alkandora praketatik aterata eta gorbata askatuta.

Barrara hurreratu eta kamareroari whisky bat eskatu zion, izotzik gabe.

Hautsontzian itzali zuen Ducados zaharraren azken sua eta, jarraian, esku bakar batez beste zigarro bat atera zuen paketetik.

Ezpainetan jarri zuenerako, neska ilehori batek sua eskaini zion.

Burumakur jarraitu zuen Humphreyk, neska puska hari kasurik egin gabe.

Eta bere Ducados beltzaren ke iluna, tabernako neonezko argien gasarekin nahastu zen.

Giroa iluna zen.

Argiak dekoratu hutsa ziren, txoko batzuetan jaio eta besteetan hiltzen zirenak.

Inolako arrazonamendurik gabe.

Urrunetik iritsita bezala, lotsaz eginiko notetan bildua bezala, saxofoi baten doinu sentsuala nagusitzen hasi zen tabernan.